4. Herrizaingoa
1. Arloa kopurutan
2012. urtean, Herrizaingo Sailari lotutako erreklamazioak 121 izan dira, hau da, Ararteko erakundeak denboraldi horretan zehar izapidetu dituen kexa guztien %4,78. Kexen sailkapena, kasuan kasuko herri-administrazioari eta ukitu diren azpiarloei erreparatuta, honako hau izan da:
Administrazioka
– Tokiko administrazioa.....60
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza).....56
Azpiarloen arabera:
– Trafikoa.....71
– Herritarren eskubideak.....23
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....21
– Jokoak eta ikuskizunak.....3
– Herritarren segurtasuna.....2
– Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazio erantzukizuna.....1
Txostena itxi zen unean urte horretan izapidetutako kexen egoera honako hau zen:
Horrez gain, 13 ofiziozko espediente izapidetu ditugu, ondorengo azpiarloei lotutakoak hain zuzen:
– Atxiloketa-zentroak.....4
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....4
– Trafikoa.....4
– Herritarren eskubideak.....1
2011. urtearekin alderatuz, kexa kopurua murriztu egin da. Aurreko urteetan bezala, kexa gehienek Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarekin eta Bilboko Udalarekin lotura eduki dute. Halaber, Getxoko Udalarekin ere zerikusia eduki dute eta, maila baxuagoan baita ondorengo udalekin ere: Donostia-San Sebastián, Vitoria-Gasteiz, Durango, Erandio, Gernika, Hondarribia, Irun, Leioa, Urduña, Ortuella, Santurtzi eta Tolosa. Dena den, horietako batzuek kexa bat besterik ez dute jaso.
Trafikoaren arloko kexek behera egin dute. Horrek esan nahi du, aldi berean, udaletan jaso diren kexen kopurua modu baliokidean murriztu dela. Termino absolutuetan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren kexa kopurua 2011. urtekoa baino txikiagoa izan da. Hori azaltzeko, aintzat hartu behar da urte horretako kexen artean 53 kexek Bilboko Kukutza gaztetxea hutsaraztearen eta eraistearen aurkako protestetan Ertzaintzak burutu zuen jarduera hizpide izan zutela. Arrazoi berak azaltzen du zergatik, termino absolutuetan, Herritarren eskubideak izeneko azpiarloko kexa kopuruak ere behera egin duen. Izan ere, aipatutako 53 espedientean azpiarlo horren barruan zeuden. Aipatutako inguruabarra kontuan hartuz gero eta 2011. urtearekin alderatuz gero, termino absolutuetan, Herrizaingo Sailaren jardueren kontra aurkeztutako zein Herritarren eskubideak izeneko azpiarloari dagozkion kexen kopuruak gora egin duela esan dezakegu.
Aurreko urteetan bezala, atal honetan jasotzen ditugun datuek ez dituzte barne hartzen ebatzi ezin izan ditugun kexak, hau da, Herriaren Defendatzailearen edo beste defendatzaile batzuen eskumen‑esparrukoak izapideagatik edo ukapenerako ustezko legaletakoren baten barruan egoteagatik gaian esku hartu ezin izan dugunean.
2012. urtean desegokia izan den jarduera bat antzemanez amaitutzat jo ditugun hainbat kexen kasuan, administrazioak harberak izan dira gure balorazioarekin eta euren jardunbidea zuzendu dute.
Oro har, administrazioek modu onargarrian bete dute Ararteko erakundearekin elkarlanean aritzeko betebeharra. Dena den, zenbait zailtasun topatu ditugu gure funtzioak modu egokian garatu ahal izateko. Esanguratsuenak aurten gertatu dira, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren eremuan. Izan ere, kexa batzuen bidez mahai gainean jarritako edo gure informazio eskaerek hizpide izan dituzten alderdi jakin batzuen gaineko informaziorik eza dela-eta ulertu behar izan dugu jarduera hori ez dela zuzena izan eta, kasu horietan, ez direla gure iradokizunak bete. Hauexek dira aipatu ditugun azaro adierazgarri horien adibide batzuk: Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan izapidetutako espedienteak, Xuban Nafarratek pairatu zituen zauri larrien gainekoak eta Kukutza gaztetxea hutsarazteko eta erausteko jarduerei lotutako espedienteak, hurrengo atalean azalduko ditugunak. Dena den, arazo horiek sail bereko beste espediente batzuetan ere jazo dira.
2. Kexarik aipagarrienak
2012. urtean, Herrizaingo Sailean jaso ditugun kexen zati batek poliziaren funtzioa izan du hizpide. Horri dagokionez, beste urte batzuetan mahaigaineratutako gaien antza duten arazoak azaldu dira, funtsean, ondorengo alderdiei lotutakoak: indarkeriaren erabilera eta barruko kontrola, ustez okerrak diren jardueren barruko ikerketa, atestatuak eragin dituzten gertakariei dagokienez errealitatearekin bat datozen ala ez, atari baten barruan gorputz-miaketak egitea, “kontrasalaketa” deritzogun praktika (salaketa bat jartzea poliziaren jarduera zalantzan jartzearen ondoriozkoa denean), polizia-agenteek emandako ustezko tratu txarra, identifikazio profesionaleko zenbakia ez ematea eta salaketa bat jasotzeari uko egitea. Era berean, atxiloketaren justifikaziorik eza, atxiloketa burutzeko erabilitako indarkeria eta atxilotutako pertsonaren eskubideen gaineko informaziorik eza berriro ere azaldu diren alderdiak dira.
Aurten izapidetu ditugun kexek ageriak utzi dute berriro ere erakunde honek arlo horretako gehiegikeriak saihesteko eta, gertatuz gero, antzeman ahal izateko proposatutako prebentzio eta kontrol mekanismoak ez direla bete. Une honetan gomendio horiek guztiak “Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema” gaiari buruzko urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean jaso dira.
Kukutzan Ertzaintzak burutu zuen jarduerari buruzko kexetan, 2012. urtean amaitutakoak, arazo horiek begi bistakoak izan dira. Espediente horiei dagokienez gure esku-hartzea amaitzeko emandako ebazpenean zehaztasunez aztertu ditugu (“Arartekoaren ebazpena, 2012ko maiatzaren 21ekoa, horren bidez, Ertzaintzak Kukutza gaztetxea (Bilbo) barne hartzen zuen higiezina hustu eta eraisterakoan aurrera eramandako esku-hartzeari lotutako hainbat espedienteetako jarduera amaitu da”).
Modu berean, Iñigo Cabacas hil zuen eta Xuban Nafarrateri zauri larriak eragin zizkion gomazko pilotaren inpaktuari lotutako inguruabarrak ezagutzeko izapidetu genuen espedientean ere mahaigaineratu dira. Espediente horri lotutako jarduera amaitzen duen ebazpenean kontu horietako batzuk modu sakonean aztertu dira (“Arartekoaren ebazpena, 2012ko azaroaren 30ekoa. Horren bidez, Ertzaintzak Bilbon eta Gasteizen gauzatu zituen bi esku-hartzeen ondorioz hasitako ofiziozko espedientean egin duen jarduera bukatzen da. Esku-hartze haietan bi gazte heriotza eragiteraino eta larriki zauritu zituzten, hurrenez hurren”).
Aipatutako bi ebazpenak Ertzaintzari buruzkoak dira baina alor horretan egon diren arazoek tokiko polizia kidegoak ere hizpide dituzte.
2012. urtean, zehazki jatorri atzerritarra duten pertsonengan eragina duten kexatzeko arrazoiak errepikatu dira, hala nola, diskoteka eta pubetan sarrera ukatzea ustez baldintza pertsonal horren ondorioz eta etxebizitza gisa erabiltzen dituzten eraikin abandonatuetan atzerritarrak kaleratzea eragin duten poliziaren esku-hartzeak, Polizia Nazionalarekin batera burututakoak. Kexa horiek xehetasun osoz jorratu dira “Etorkinak” izeneko atalean.
Preso baten gaineko poliziaren zaintzan hartutako segurtasun neurriek gomendio bat eragin dute. Horren inguruko zehaztasunak “Espetxeratutako pertsonen” atalean eman dira.
Poliziaren funtzioaren inguruan aurten aurkeztu diren kexek beste alderdi batzuk agerian utzi dituzte, hala nola, salatutako pertsonari dagokionez, salaketa bati emandako tratamenduari buruzkoak, herritar jakin batzuei egindako ustezko legez kanpoko poliziaren jarraipenak eta poliziaren prentsa-ohar baten edukia, enpresa bati iruzurrezko jardunak esleitu zizkiona.
Trafikoaren azpiarloan, 2012. urtean izapidetutako kexak zigortzeko araubideari buruzkoak izan dira batez ere, azken urteetan bezala, eta prozeduraren izapidetzean eragina duten zenbait alderdi mahai gainean jarri dituzte berriro ere. Horren inguruan aurreko urteetako arazo berak edo antzerakoak azaldu dira, adibidez, jakinarazpenak egiteko moduari, arau-hausteak frogatzeari eta formula estandarren erabilerari lotutakoak, besteak beste. Hala ere, beste arazo batzuen berri ere eman dute, Leioako Artaza parke publikoan ibilgailuak sartzeko debekua betetzen ez dela, besteak beste. Azken kasu horretan, Leioako Udalak eskatu diogu kexan salatutako egoera konpontze aldera beharrezkoak diren neurriak har ditzan (“Arartekoaren ebazpena, 2012ko abenduaren 18koa. Horren bidez, Leioako Artaza parke publikoaren erabilerari dagokionez errespetatu behar diren zenbait arauren ez-betetzea salatzen zuen kexa baten inguruko esku-hartzea amaitu da”).
3. Araudi mailako testuingurua
Legeriari dagokionez, 2012. urteko berritasun nagusia Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemaren Antolamenduari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legea izan da, uztailaren 7an indarrean sartu zena. Xedapen horrek neurri batean Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legea aldatu du eta segurtasun publikoaren euskal sistemaren enbor-arau izan nahi du. Bertan, gai horri lotutako hainbat azpisistema bildu dira, horien artean, polizia eta herritarren segurtasuna, larrialdiak eta babes zibila, trafikoa eta bide segurtasuna, jokoak, ikuskizunak eta aisialdiko jarduerak eta segurtasun pribatua.
Era berean, aipatu behar da Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak izena aldatu duela eta, abenduaren 17tik aurrera, Segurtasun Saila deitzen dela (Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua).
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
4.1. Ofiziozko espedienteak
Urte honetan zehar izapidetu ditugun ofiziozko espediente guztien artean, hauek azpimarragarriak dira: Ertzaintzaren jardueren gaineko bat, jarduera horien ondorioz Iñigo Cabacas eta Xuban Nafarrate heriotza eragiteraino eta modu larrian zaurituak izan baitziren, hurrenez hurren eta Ertzaintzak eta tokiko poliziek istripua izan duten pertsonen senideei ematen dieten informazioa ezagutzea helburu duten espedienteak; izan ere, kasu horietan poliziak istripuan bertan eta senidea ospitalera eramateko prozesuan esku hartzen du. Espediente horietako lehenengoa aurretik aipatu dugun 2012ko azaroaren 30eko ebazpenaren bidez amaitu zen eta besteek abenduaren 17ko 3/2012 Gomendio Orokorra eragin zuten, hurrengo IV.5. atalean aipatuko dena.
Halaber, aipatu behar da ibilgailuak gidatzerakoan substantzia estupefazienteak, psikotropikoak, suspergarriak edo antzerakoak antzemateko probetan emaitza positiboa ateratzen denean Ertzaintzaren eta tokiko polizien jarduteko modua ezagutze aldera ireki dugun espedientea, txostena itxi zen unean, oraindik amaitu gabe zegoena.
Azkenik, 2012. urtean zehar Ertzaintzaren Terrorismoaren Aurkako eta Informaziorako Taldeak egindako atxiloketen bideo-grabaketen hiruhilekoko jarraipena egite aldera izapidetu dugun espedientea aipatu nahi dugu. Horri esker, grabatutako materiala desagerrarazi baino lehen, hau da, hiru hilabeteko epea baino lehen (erakunde honen iritziaren aurka, Herrizaingo Sailak epe hori mantendu du) ikusteko aukera edukiko dugu.
4.2. Txosten berezien jarraipena
Aurreko urteetan bezala, atxiloketa-zentroetan egindako bisitaldiek eta kexen izapidetzeak gai horri lotutako bi txosten berezien jarraipena egiteko aukera eman digute: “Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa-zentroak” (1991) eta “San Frantzisko (Bilbo) eremuan atzerritarrak tartean izanik poliziak burututako jardueren inguruan Ararteko erakundeak izandako esku-hartzea” (1998ko ohiko txostena, I.1. kapitulua, 1.6. atala).
“Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa-zentroak” txostenaren betetzeari buruz egindako balorazioa hurrengo IV.4. atalean laburtuta ageri da.
“San Frantzisko (Bilbo) eremuan atzerritarrak tartean izanik poliziak burututako jardueren inguruan Ararteko erakundeak izandako esku-hartzea” txostenari dagokionez, oraindik ere ez-betetzeak antzeman ditugu polizia agenteek pertsona horiei eman beharreko tratuan, hau da, honako alderdi hauen inguruan: haiengana hurbiltzeko modua, desadostasunen aurrean erreakzionatzeko modua, bide publikoan burutzen diren jardueretan objektu pertsonalen gaineko kontrola egiteko modua, jarrera lekukoak egonez gero eta identifikazio profesionaleko zenbakia emateari uko egitea.
4.3. Gomendio orokorren jarraipena
2012. urtean izapidetu ditugun kexei eta atxiloketa-zentroetan egindako bisitaldiei esker, “Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema” gaiari buruzko urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren jarraipena egin ahal izan dugu. Gaur egun, bertan, Herrizaingoaren arloan egin ditugun gomendioen zati handi bat bildu da. Horietako batzuen jatorria “San Frantzisko (Bilbo) eremuan atzerritarrak tartean izanik poliziak burututako jardueren inguruan Ararteko erakundeak izandako esku-hartzea” izeneko txostena bera eta aurreko beste gomendio batzuk dira.
Poliziaren jardueren barruko ikerketan gabezi garrantzitsuak antzematen jarraitu dugu. Atzerapenak barruko ikerketen hasieran, horien edukiak ‑kasu askotan eskasa eta partziala‑ eta poliziaren jarduerari lotutako auzi penalaren izapidetzearen ondoriozko ikerketarik ezak antzeman ditugun gabeziarik garrantzitsuenak izaten jarraitzen dute. Horrez gain, egiaztatu dugu eremu horretan oraindik ez direla jarduteko protokolo argiak ezarri.
Era berean, kontrol mekanismoak ezartzearen inguruan ez-betetzeak gertatzen dira, batez ere, indarkeriaren erabilerari, polizia-agenteek jasotzen dituzten kexei eta hasiera batean bide judizialean arau-hauste gisa kalifikatutako ez-zilegitasun penalen (batzuetan, zigor arloko jurisdikzioak ez du arau-hausterik antzematen) ondoriozko atxiloketei dagokienez.
Dakigunaren arabera, ematen du ez direla gomendatutako prebentzio mekanismoak ezarri, soilik estereotipoetan edo pertsonen kanpoko ezaugarri jakin batzuetan oinarritutako jarduera baztertzaileak saihestea helburu zutenak, ezta Polizia Nazionalarekin komunikazio bideak ezarri direnik ere, identitatea baieztatzeko izapideak ez dezala atzerritarren atxiloketa justifikaziorik gabe luzatu. Guk dakigunaren arabera, ez dute jarduteko koderik ezarri polizia kidegoek immigrazioaren inguruan informazioari ematen dioten tratamenduari lotuta.
Ez da guztiz bete egin genuen gomendioa, polizia funtzionarioek poliziaren uniformean, begi bistakoa den tokian hain zuzen ere, identifikatzeko balio duen zenbaki edo erreferentzia bat eramateari buruzkoa. Atxiloketa-zentroetan egin ditugun bisitaldietan zehar, egiaztatu ahal izan dugu Ertzaintzak identifikazio agiri bat gaineratu duela uniformeetan. Hala ere, ez da erraz ikusten. Beste kasu batzuetan, Bilboko Udaltzaingoaren kasuan adibidez, oraindik ez da inolako identifikazio-erreferentziarik erakusten.
Modu berean, atxiloketa-zentroetan egindako bisitaldien bitartez, Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak (2010eko urteko txostena) izenekoan eta Miaketa pertsonalaren diligentzia poliziaren bulegoetan gomendio orokorrean (2001eko urteko txostena) jasotako iradokizunen jarraipena egin ahal izan dugu. IV.4. epigrafean jarraipen horren emaitza modu laburtuan jaso dugu.
Trafikoko azpiarloari lotutako zenbait kexatan, egiaztatu ahal izan dugu zigortzeko prozeduretan jasotzen den motibazioak ez dituela beti “Trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide-segurtasuna: aurrez taxututako ereduen erabilera zehapen prozedurak tramitatzean. Zenbait arazo defentsarako eskubidearen inguruan” (2003ko urteko txostena) gomendioan jasotako exijentziak betetzen.
4.4. Ikuskapen-bisitak
2012. urtean Ertzaintzaren Erandioko eta Zarauzko atxiloketa-zentroak, Terrorismoaren Aurkako eta Informaziorako Taldearen menpe daudenak, eta Bilboko Miribillan dauden Udaltzaingoaren bulego berriak ikuskatu ditugu.
Oro har, Ertzaintzaren instalazioek euren eginkizunerako egokiak izaten jarraitzen dute. Dena den, ez daukate adingabeak zaintzeko bulego zehatzik, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak (17.3. artikuluan) eskatzen duen moduan. Bilboko Udaltzaingoaren atxiloketa-zentroko instalazioetan adingabeentzako bulego zehatz bat dago eta duten eginkizuna aintzat hartuta egokiak direla esan dezakegu, hobekuntzak proposatu ditugun arren.
Ertzaintzako zentroetan gure gomendioak betetzen dira atxilotuei ematen dizkieten elikagaiei dagokienez. Udaltzaingoaren zentroak, berriz, ez ogitartekoak ematen baitituzte atxiloketak 24 ordu baino gehiago irauten badu ere.
Hiru zentroek atxiloketa grabatzeko bideo-grabaketa sistema daukate. Ertzaintzan ematen du sistema 2006ko ohiko txostenean aztertu genuena dela (I. kapitulua, 7.1. atala) gure ikuspuntuaren arabera, mekanismo horrek eraginkorra izateko eduki behar dituen baldintza guztiak betetzen ez zituela ulertu genuen arren eta urriaren 6ko 81/1999 Gomendioan hala adierazi bagenuen ere (1999ko ohiko txostena, II. kapitulua, 7.2.A atala). Udaltzaingoaren polizia-etxea ere ez da gomendioan azaldutakoari guztiz egokitzen.
Zentroek ez dituzte atxiloketen bideo-grabazioaren inguruko proposamen berririk gaineratu, “Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak” agirian eta urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean “Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema” izenekoan jaso baditugu ere.
Ez dute bermatzen grabatutako materiala grabatutako jardunen ondoriozko erantzukizun administratibo eta penal posibleak preskribatzeko gehienezko epealdia errespetatzeko nahikoa denboraz gordeko denik eta, orobat, ez dute kontuan hartzen giza eskubideak bermatzeaz arduratzen diren erakundeek (Ararteko erakundeak, besteak beste) esku hartzeko duten epea, beraz, hori guztia defendatzen ditugun irizpideetatik aldentzen da.
Orokorrean, hiru zentroetan aztertu genituen atxiloketen erregistroak modu zuzenean beteta zeuden baina zenbait akats antzeman genituen (ez aipatzeak, bat ez etortzeak ordutegian eta jardueren isla generikoak).
Terrorismoaren Aurkako eta Informaziorako Taldearen menpe dauden zentroetan oraindik ez dira ordutegiei, otordu kopuruari eta aplikatu beharreko jarraibideak ez betetzeko arrazoiak azaltzeko beharrari lotutako irizpide orokorrak ezarri, erakunde honek gomendioa egin badu ere. Modu berean, oraindik ez dira telefono bidezko deiak grabatzen. Dei horien bidez, atxilotutako pertsonaren senideei gertatutakoaren berri ematen zaie. Bestalde, egiaztatu ahal izan dugu urte honetan egindako inkomunikatutako atxiloketa bakarrak ez dituela gure iradokizunak betetzen.
Udaltzaingoaren zentroak zenbait gabezi daude atxiloketa-liburuen edukiari lotuta. Horren ondorioz, hobekuntzak proposatu ditugu eta adingabeei dagokiena legean xedatutako eskakizunak bete ditzan eskatu diegu.
Hiru zentroetan aztertu genituen eskubideen gaineko informazio-aktetako batzuek ez dituzte Prozedura Kriminalaren Legearen 520. artikuluan ezarritakoa betetzen. Izan ere, atxiloketa eragin zuten gertakarien kalifikazio juridikoari buruzko informazioa biltzen zuten baina ez, aldiz, gertakarien gainekoa. Horrez gain, Udaltzaingoaren zentroak ez dauka euskarara edo beste hizkuntza batzuetara itzulitako informazio-aktarik.
Hiru zentroetan ez diote atxilotutako pertsonari abokatu baten laguntzarik eskaintzen atxilotzen duten unetik, izapide jakin batzuetarako besterik ez baitute laguntza hori ematen.
Egiaztatu genituen atxiloketa batzuetan ez zioten atxiloketa epaitegiari eta Abokatuen Elkargoari berehala jakinarazi. Kasu batean atxilotutako pertsonari ez zioten unean bertan haren eskubideen berri eman. Gainera, kasu horietan guztietan atzerapenaren arrazoia ez da dokumentatu.
Zarauzko Ertzaintzaren zentroan eta Udaltzaingoaren zentroan, oro har, soilik jasotzen da atxilotutako pertsonari egin zaion gorputz-miaketa mota baina ez da zehatzen zertan datzan, ezta modu horretan egiteko arrazoiak ere. Azken hori ere ez dator bat gure gomendioekin. Terrorismoaren Aurkako eta Informaziorako Taldeen menpe dauden zentroetan alderdi horien gaineko txosten bat egin ohi da baina egiaztatu ahal izan dugu, kasu batean, jasotako justifikazioa ez zela nahikoa zehatza.
Bilboko Udaltzaingoaren zentroan, atxiloketan parte hartzen duten polizia agenteek atestatuan egiten duten azalpena taldeka egin ohi da, ez banaka, nahiz eta gure gomendioetan kontrakoa hobetsi.
4.5. Gomendio orokor berriak
2012ko abenduan “Arartekoaren 3/2012 Gomendio Orokorra, abenduaren 17koa. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Osakidetzak eta Udaltzaingoek koordinazio mekanismoak ezarri behar dituzte istripuetako biktimen familiei informazioa ahalik eta lasterren eman dakien bermatzeko” izeneko gomendioa egin da. Gomendioak Herrizaingo eta Osasun arloetan eragina dauka eta hauxe saihestu nahi da: istripu batean esku hartzen duten zerbitzu publikoen arteko koordinaziorik ezaren ondorioz biktimen inguru pertsonalari ospitaleratzearen edo istripuaren beraren berri ez ematea edo gehiegizko atzerapenarekin jakinaraztea.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. 2011. urtearekin alderatuz Herrizaingoaren arloan jaso diren kexen kopuruak behera egin du. Murrizketa, batez ere, trafikoaren eta udalen azpiarloan nabaritu da. Aurten ere, kexa gehien jaso dituzten administrazioak Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saila eta Bilboko Udala izan dira. 2012. urtean jarduera okerren bat antzemanez amaitutzat jo ditugun kexa askotan, administrazioek euren jarduna zuzendu dute. Oro har, administrazioek modu onargarrian bete dute Ararteko erakundearekin elkarlanean aritzeko betebeharra. Dena den, zenbait zailtasun topatu ditugu gure funtzioak modu egokian garatu ahal izateko. Urte honetan esanguratsuenak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren eremuan gertatu dira. Izan ere, zenbait espedientetan, horietako batzuk oso larriak diren gertakariei lotutakoak, ez diete gure informazio eskaerei erantzun.
5.2. Aurten bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidea modu larrian urratu dute Iñigo Cabacasen heriotza dela-eta. Heriotza Ertzaintzak jaurti zuen gomazko pilota baten inpaktuaren ondoriozkoa izan zen. Horrez gain, polizia kidego berak gauzatutako esku-hartze batean zehar beste gazte batek, Xuban Nafarratek, pairatu zituen lesio larrien ondorioz ere eskubide hori urratu egin da. Antzerako gertakariak jazo ez daitezen, poliziaren jardueretan eskubide horrekiko errespetuak eta babesak lehentasuna eduki behar dute. Halaber, 2012ko azaroaren 30eko ebazpenean proposatu ditugun neurriak hartu beharko lirateke.
5.3. Poliziaren funtzioari buruzko kexek honako gai hauei lotutako arazoak agerian jarri dituzte: indarkeria eta barne kontrola, ustez zuzenak ez diren jardueren barne kontrola eta atestatuak, eragin dituzten gertakariei dagokienez, errealitateari egokitzen diren ala ez. 2012ko azaroaren 30eko ebazpenean eta Kukutzan Ertzaintzak burutu zuen esku-hartzearen gaineko ebazpenean (Arartekoaren ebazpena, 2012ko maiatzaren 21ekoa) arazo horiek aztertzeaz gain, urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean iradoki genituen prebentzio eta kontrol mekanismoak ezartzeko beharra errepikatu da. Azken gomendio hori Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistema” gaiari buruzkoa da; izan ere, horren inguruan ez-betetze egoerak antzeman dira.
5.4. Poliziaren jardueren barruko ikerketak ondorengo helburuak bete beharko lituzke: gertakariak argitzea, erantzuleak zehaztea, egoera hori errepikatu ez dadila beharrezkoak diren neurriak ezartzea eta biktimen erabateko ordaintza lortzea. Modu berean, bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidean eragina duenean edo oinarrizko eskubideren bat modu larrian urratzen denean mekanismo independente batek gauzatu beharko luke. Horrez gain, arma hilgarri bat erabiltzen den bakoitzean ere aurreko irizpidea aplikatu beharko litzateke.
5.5. Atzerritarrak izateagatik, atzerritarrak diren pertsonengan berariazko eragina duten arazoek bere horretan jarraitzen dute eta ez dira eremu horretako jarduera baztertzaileak saihesteko gomendatu ditugun prebentzio mekanismoak ezarri.
5.6. Aske izateko eskubideari lotutako arazoak ere mahai gainean jarri dira berriz, bai eta atxiloketaren justifikaziorik eza, hori burutzeko erabilitako indarkeria eta pertsona atxilotuak dituen eskubideen inguruko informaziorik eza ere.
5.7. Egiaztatu dugu Ertzaintzaren Terrorismoaren Aurkako eta Informaziorako Taldearen menpe dauden zentroetan oraindik proposatu ditugun zenbait neurri ez direla ezarri. Aurten egin den inkomunikatutako atxiloketa bakarraren eskaerak, bisitaldia egin genuen unera arte, ez zituen osotasunean betetzen gure gomendioak motibazioaren zehaztasun mailari dagokionez.
5.8. Mekanismo horren eraginkortasuna bermatze aldera, ez da oraindik zehaztu eperik atxiloketen grabazioak kontserbatzearen arloan eta ez dira erakunde honek proposatu dituen beste neurri batzuk hartu, beraz, horrek haren berme izaera mugatu egiten du.
5.9. Ertzaintzaren atxiloketa-zentroetan adingabeak zaintzeko berariazko gelak antolatu behar dituzte. Bilboko Udaltzaingoak ziurtatu behar du haientzat erreserbatuta dagoen gelan zaintzapean dauden adingabeek ez dutela harremanik izango atxilotuta dauden helduekin eta adingabeen atxiloketa-liburuaren edukia arautzen duten arauetara egokitzen dela.
5.10. Atxiloketari lotutako erregistroek eta gainerako dokumentuek fideltasun eta zehaztasun osoz islatu behar dute jarduera nola gauzatu den eta irizpide orokorretatik nolabait aldenduz gero behar bezala justifikatu behar da. Arreta handiz bete behar dira eta horien edukian desadostasunik ez dagoela edo erregistratu gabe geratu den jardunik ez dagoela ziurtatu behar da. Eskubideen informazioari buruzko aktetan jasota geratu behar da pertsona atxilotuari leporatzen zaizkion gertakariak zeintzuk diren jakinarazi zaiola.
5.11. Atxilotutako pertsonari abokatu baten laguntza eskaini behar zaio atxiloketa gertatzen den unetik aurrera, ez bakarrik izapide jakin batzuk egiteko. Hori aurten aztertu ditugun atxiloketetan ez da bete.
5.12. Atxiloketan zehar gorputz-miaketa behar bezala dokumentatu behar da jakin ahal izateko nola burutu den eta zergatik erabaki den modu horretan egitea. Horretarako, motibazio generikoak edo estandarrak ez dira onargarriak. Bide publikoan gauzatzen diren jardueretan ez da egokitzat jotzen erregistroa atari baten barruan egitea.
5.13. Trafikoaren azpiarloko kexek zigortzeko araubideari lotutako zenbait arazo agerian utzi dituzte, batez ere, jakinarazpenen, arau-hausteak frogatzearen eta formula estandarrak erabiltzearen ingurukoak. Nabarmendu behar dugu berriro ere aldez aurretik egindako ereduak erabiliz izapidetzeak ezin duela defendatzeko eskubidea kaltetu eta errugabetasun-presuntziorako eskubidea errespetatu behar dela. Era berean, azpimarratu behar da ediktu bidezko jakinarazpena salbuespenezko irtenbidea dela eta hartaz baliatzeko ezinbestekoa dela administrazioak jakinarazpen pertsonalak bermatzeko bideak agortu izana.
5.14. “Arartekoaren 3/2012 Gomendio Orokorra, abenduaren 17koa. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Osakidetzak eta Udaltzaingoek koordinazio mekanismoak ezarri behar dituzte istripuetako biktimen familiei informazioa ahalik eta lasterren eman dakien bermatzeko” izeneko gomendioa egin da.